XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ikastolek: Rekaldek engainatu egin zuen Gobernu Kontseilaria

Gaur udaletxean itxiko dira eta bihar arratsaldean manifestazioa Donostian.

Ikastoletako ordezkariak atzo Donostian emandako prentsaurrekoan adierazi zutenez, Rekaldek engainatu egin zuen Gobernu Kontseilua, Publikotasunerako Lege Projektu hau lehenbaitlehen atera nahi zutela esanez.

Lege Projektu horrek ikastolekin buka zezakeela, salatu zuten prentsaurrean eta erretiratzeko eskatuz egingo diren mobilizazioak gaur bertan hasiko zirela jakinerazi zuten, arrasaldeko 7etan Udaletxean entzerratuko baitira Euskal Herriko Federakundeko buruak eta bihar arratsaldeko 4etan Donostian egingo den manifestaziorako irtengo baitira. J. B. Donostia.

Federazioetako idazkariek Hezkuntza Sailarekin duten gatazkaren sintesia, horretaz eman diren zenbait deklarazio eta jarreren balorazioa eta hemendik aurrera emango diren pausoak eta burutuko diren ekintzak azaldu zituzten publikoki atzo Donostian emandako prentsaurreko batetan.

Horrekin batera, gaur arratsaldeko zazpiretan Konfederazioaren zuzendaritza taldeak enzerrona bat egingo duela Donostiako Udaletxean iragarri zuten.

Enzerratuko direnen asmoa zera da, bertan irautea hurrengo egunera arte eta hortik ateratzea larunbatean arratsaldeko lauretan Donostiako Bulebarrean hasiko den manifestazio nazionalean parte hartzeko.

Ikastolen ustez Recaldek lege projektoa egiteko garaian ez zuen kontutan izan abenduko akordioa.

Ikastolen konfederazioaren bozeramailea den Iñaki Etxezarretaren hitzetan, Orain badakigu, eta lehenengo prentsaurrekoan ez genekien, Recaldek Gobernu Konseilua engainatu zuela, esanez presionatzen ari giñela lege hori ahal den azkarren ateratzeko.

Eta hori ez da horrela.

Ikastolek ez dugu horren berririk izan, eta are gutxiago bere eskuetatik.

Etxezarretak azpimarratu zuen patrimonioa ez dela auzigai, prentsan sarritan kontratoa agertu bada ere, baizik patrimonioa nahi dela interesgune bezala jarri beste puntu guztiak ahaztu nahi dituztelako apropos, akordio ekonomiko-finantzieroan jasotzen diren puntuak hain zuzen ere.

Beste puntu horiek ez dira aipatzen projektuan.

Gure aldetik garbi ikusten dugu Recalde berean segitzen duela eta ez duela inongo argibiderik ematen arazoari buruz, gaineratu zuen Iñaki Etxezarretak.

Ikastolen ustez, Ardanzak legearen erretiratzearena planteatu zuen pasa den astearteko Gobernu Konseiluan baina gobernukide sozialistek eskatu omen zioten denbora tarte bat maniobratzeko.

Lehendakariak legea erretiratzeko erabakia ez hartzean konpromiso bat hartu du.

Ulertzen dugu lehendakariak konpromiso hori hartzeko garaian erabili nahi duela epe eta tramite guztiak azken erabaki gordina hartu aurretik.

Baina, bestaldetik, iruditzen zaigu arriskutsua izan daitekeela erabaki hori, arazoa konplikatu daitekeelako, akordio batetara iritsi ez eta gainera gaia usteldu daitekeela, dio Etxezarretak.

Guk prudentzia politikoa erabili dugu eta espero dugu prudentzia politiko horren bitartez eta sozialistek eman dizkioten espektatiben bitartez, espektatiba guzti horiek beteko ez balira, dagokion garaian eta dagokion neurrian, prudentzia aina adorea erabiliko duela Ardanzak legea erretiratzeko.

Errespetatzen dugu lehendakariak hartu duen erabakia baina eskatuko genuke, tramite guzti horiek bete ta gero, adore berdina erabiltzea legea erretiratzeko sozialistek ez badute betetzen negoziaketarako heuren konpromisoa.

Ikastoletako bozeramaileen ustez, bai PNV, bai EA eta bai HB, ikastolen jarreraren alde, eta, are zehatzago, abenduan sinatutako akordio ekonomiko-finantzieroaren alde agertu direla eta beraz, ikastolek eskertzen dituzte hiru alderdi abertzaleen aldetik hartutako posizionamenduak eta eskeinitako laguntza.

Hemen irtenbiderik erosoena esan zuen Iñaki Etxezarretak lege projektoa erretiratzea da.

Eta ez bakarrik erretiratzea eta kitto, hor gelditzea, baizik eta eskeintzen dugu berehala harreman batzu, maila berdinekoak, planteatzea Hezkuntza Sailarekin lege berri bat idazteari ekiteko.

Federakundeko ordezkariak beren eskabideak kaleratuz.